Joan eduki nagusira

zoom Jaime berrade Leza

Jaime berrade Leza

"Orkestrek gizartean errotzen dituzten politikak garatu behar dituzte, eta beren zerbitzu-gutuna askotarikotu, bai gaur egun daukaten publikoa eta baita etorkizunekoa ere lantzen joateko". Hauxe da Jaime Berrade Lezak Nafarroako Unibertsitate Publikoan garatu duen Nafarroako Orkestra Sinfonikoari buruzko ikerketaren ondorioetako bat. Bere doktoretza tesiak esaten duenaren arabera, harreman handiagoa egon behar da orkestraren eta musika hezkuntza-sistemaren artean. Horretarako, hainbat jarduera proposatzen ditu: ikasleentzako eta profesionalak izateko bidean daudenentzako praktika-programak, kontzertu didaktikoak eta beste, "hainbat espaziotan, ez bakarrik entzutegietan, orkestren jarduerekin ohituta ez daudenek ere sarrera izan dezaten".

Jaime Berraderen doktoretza tesiaren izenburua “La Orquesta Sinfónica de Navarra: aspectos socioeducativos en su devenir histórico” da. NUPeko Psikologia eta Pedagogia Saileko Mª Manuela Jimeno Gracia irakasleak eta EHUko Gotzon Ibarretxe Txakartegi irakasleak zuzendu dute, eta Bikain cum laude kalifikazioa erdietsi du. Ikerketaren helburua hauxe izan da: "Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren funtsa, jarduerak eta ingurua deskribatzea eta interpretatzea, orkestran aritzen direnen ikuspuntutik, jarduera sozioedukatiboei arreta berezia eskainiz, kontzertu didaktikoei batez ere."

Ikerketa egin bitartean, Jaime Berradek gako jotzen zituen informatzaileei –orkestraren jardueretan zeukaten garrantziagatik aukeratuak– hogeita hamar elkarrizketa egin zizkien. Informatzaile hauek bi eremukoak ziren: orkestraren eremukoak (zuzendaritzako kideak, konpositoreak eta instrumentu joleak) eta hezkuntzaren eremukoak (irakasleak eta ikasleak). "Baieztatzen da –azaltzen du tesiaren egileak– bertan egonda garatzen diren betiko jarduera kontenplatiboak, kontzertu sinfonikoak esaterako, atzerantz doazela, kultura-kontsumoaren ohitura berriak aurrerantz doazen bitartean, beren ezaugarri bereziekin: sakabanaketa, asinkronia eta parte hartzea."

Orkestra profesionalen helburu, funtzio eta jarduera-programei dagokienez, zeinak "gure eremu geografiko-kulturalean diru publikoaz mantentzen baitira", nabarmentzen da "gizarte guztiak parte hartu behar duela beroriek finkatzean, eta gizartearen eskaerei kasu egin behar zaiela". Honi dagokionez, tesiaren egileak baieztatzen du orkestren doaiak kontzertuak emateaz haratago doazela, eta "beren helburu sozial, kultural eta hezkuntzakoak betetzeko, ekintzak egiteko bide berriak jorratu behar direla, berrikuntzarako joera bultzatuz".

Hobetzeko proposamenak

Doktoretza tesiak hainbat iradokizun eta hobetzeko proposamen eskaintzen ditu, musikaren gozamena demokratizatzeko eta kultura eta hezkuntza-errealitatea den aldetik sendotzeko. Iradokizun eta proposamenok hiru alorri eragiten diete: orkestrari, kontzertu didaktikoen programei eta musikaren irakaskuntza-zentroei, eta "kasu askotan ez dira berriak, baina zenbait elementu areagotzea eskatzen dute".

Hona proposamen horietako batzuk: programazioen estiloak askotarikotzea, orkestra instrumentu-multzoka zatikatzeko aukerak kontuan hartzea, errepertorioa eta aldakortasuna areagotzeko, eta ohikoak ez diren tokietan jotzea: ikasketxeak, egoitzak, presondegiak, ospitaleak, zentro zibikoak, eta abar.

Halaber, orkestraren organigraman sail berezi bat egitea proposatzen da, baita ere, "alderdi sozioedukatiboari funtsa eta sendotasuna emateko gauza dena". Berraderen arabera, "etorkizuneko musiko profesionalen ikasketa planek aintzat hartu beharko lukete prestakuntza berezia ematearen beharra, lan-eremu hauetako jarduerak egiteko gaitzeko: programa eta kontzertu didaktiko diseinatzea eta egitea, eszena eta komunikazio gaitasunak garatzea, material espezifikoen konposizioa eta egokitzapena, eta abar".

Honako hauek dira orkestraren hezkuntza-jarduerarekin lotutako beste proposamen batzuk: parte hartzeko bideak irekitzea irakasleek kontzertuen diseinuan esku har dezaten, ahalik eta edukirik gehien (gidoiak, gida-liburuak, loturiko informazioa) interesdunen esku ipintzea, ikasleek musikalki kontzertuetan parte har dezaten bultzatzea, diseinuak adinei eta testuinguru zehatzei hobeki egokitzea, ikasgeletan eta beste gune batzuetan inprobisazio-sortze-interpretazio lantegiak garatzea, eta ikastetxeekin epe luzeko lankidetza-jarduerak egitea.

Azkenik, honako hau ere azpimarratu du Berradek: "orkestrek zer eskaini handia daukate musika hezkuntza-sistemari begira: ikasleentzako eta profesionalak izango direnentzako praktika programak prestatzea, paper guztietan, saio irekiak, eskola magistralak eta hitzaldiak, ikastaroak eta lantegiak, orkestra-eskola –bere plantilla, errepertorio-eskolak eta orkestra-soloekin–, eta arduraldi osoko bekadunak hartzea".

Jaime Berrade Leza Konposizio, Orkestra-zuzendaritza, Musika-teoria eta Musika-pedagogian graduatua da. Ikasleen orkestren zuzendari lan egin izan du, baita Musia Adierazpenaren Konposizio eta Didaktikaren irakasle ere, Zaragoza, A Coruña eta Iruñeko goi mailako kontserbatorioetan, NUPen -non EDARTE eta Musika Hezkuntza ikerketa taldeetako partaide izan baitzen- eta beste hainbat ikastetxetan. Galiziako Orquesta Real Filharmonía delakoan txertatutako Musika Goi Mailako Ikasketen Eskolan ikasketa-buru izan zen. Grupo de Compositores de Pamplona-Iruñeko Taldeko fundatzaileetako bat izan zen, eta talde buru ere bai. Kamara, abesbatza eta orkestra obrak argitaratu eta estreinatu ditu Musika eta arte-hezkuntzari buruzko hainbat ikerketa-artikulu argitaratu ditu. 1995ean Musika eta Arte Eszenikoetako Irakasleen Kidegoan sartu zen. Espainia Estatuko Musika Hezkuntzaren aldeko Elkarteko zuzendaritza taldekoa da, eta gaur egun Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Musikaren Hiriko Kudeaketa eta Arte-irakaskuntza ataleko burua da.