Joan eduki nagusira

zoom Jean-Louis Gout, ezkerrean, eta Julio Lafuente, hitzarmena sinatzeko ekitaldian.

Jean-Louis Gout, ezkerrean, eta Julio Lafuente, hitzarmena sinatzeko ekitaldian.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Pabeko eta Adourreko Herrialdeko Unibertsitateak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute irakaskuntzaren eta ikerketaren eremuan bi erakundeek dituzten harremanak indartzeko. Hitzarmen honek ezartzen du hainbat gairi buruz berariazko akordioak sinatzeko aukera, hala nola ikasleen, irakasle-ikertzaileen eta Administrazio eta Zerbitzuetako langileen trukea, enpresetako praktiken zabalpena batera egitea; praktika onak bestetaratzeko zereginetan lankidetzan jardutea; edo master eta doktoretzako baterako programak sortzea.

Baionan sinatu dute hitzarmena Julio Lafuente Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak eta Jean-Louis Gout Pabeko Unibertsitateko eta Adourreko Herrialdeko lehendakariak. Alfonso Carlosena NUPeko Ikerketa errektoreordeak ere esku hartu du ekitaldian. Hitzarmenak bost urteko indarraldia du, eta luzatzeko aukera dago. Koordinazio Batzorde batek ikuskatuko du hitzarmena, eta batzorde hori arduratuko da urtero ezarriko diren helburuak zehazteaz.

Hitzarmenaren hitzaurrean ezartzen da bi erakundeek interes eta helburu komunak dituztela irakaskuntzaren eta kulturaren eremuan. Eta horregatik, hezkuntzaren eta ikerketaren eremuan elkarlanean aritzeko eta komunitate bakoitzean hezkuntzaren kalitatea areagotzeko, egoki iruditzen zaie egun dituzten harremanak indartzea.

Bereziki master eta doktoretza programetan baterako ikerketa programak sortzea da hitzarmenak ezartzen dituen lankidetza modalitateetako bat. Alde horretatik, baterako tutoretzapeko tesiak abian jartzeko edo baterako ikerketa programak garatzeko lantegi tematikoak antolatzeko aukera ere ezartzen da.

Ikasleei zuzendutako alde bakoitzeko erakunde eta enpresetako praktiken eskaintzak batera zabaltzea da aztertu nahi den beste gaietako bat, edo Europako proiektuen, industria kontratuen eta patenteen arloan praktika onak besteratzen laguntzea.


Unibertsitate komunitatearen mugikortasuna


Azkenik, unibertsitatearteko lankidetza hitzarmenak mugikortasun eta truke politikak indartzearen aldeko apustua egin du. Alde batetik, bi erakundeek hitzarmenak sinatu dituzte ikasleen trukerako Erasmus programaren eta mugaz gaindiko mugikortasunerako dispositibo espezifikoaren esparruan.

Horretaz gainera, bi unibertsitateek parte-hartzea sustatu nahi dute irakasle eta ikertzaileen eta Administrazio eta Zerbitzuetako langileen truke programetan. Lehenengo kasuan, praktiketan, lantegi tematikoetan, udako ikastaroetan, hitzaldietan, mintegietan eta biltzarretan truke programak egiteko aukera ezartzen du hitzarmenak.