Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak abian jarriko du ariketa fisikoko programa bat arrisku kardiobaskularra duten unibertsitateko kideei zuzendua. Kirol Atalak, Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolak eta Osasun Laguntzarako Unitateak sustatu dute ekimena eta helburua da unibertsitateko kideen eskura jartzea aukera ariketa fisikoa modu kontrolatuan eta langile espezializatuen zaintzapean egiteko.

Gehiegizko pisua, hipertentsioa, kolesterol handia, II. motako diabetesa, sedentarismoa edo tabakismoa bezalako arrisku kardiobaskularra diagnostikatua duten eta ariketa fisikoa egitea gomendatzen zaien pertsonei zuzenduta dago programa. Parte-hartzaileek osasun azterketa egin behar dute beren arrisku faktorea ikusteko, eta informazio saio bat eskainiko zaie egingo duten kirol praktikari eta praktika osasungarriei eta elikadurari buruz.

Langile espezializatuek zuzendutako eta Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolak gainbegiratutako jarduera fisikoko praktika programatu da, astean bi saiotakoa irailetik abendura bitartean. Saio bakoitza 90 minutukoa izango da gehienez ere.

NUPek unibertsitateko kideen artean kirol praktika sustatzeko urtero programatzen duen eskaintzaren barnean sartzen da ikastaroa. Izena emateko epea irailaren 1ean hasiko da unibertsitateko kideentzat, eta hilaren 7an kanpokoentzat, eta unibertsitate kiroldegiaren ondoan dagoen Kirol Atalaren instalazioetan egingo da. Ikastaroei buruzko argibide guztiak eskura daude http://www1.unavarra.es/deportes/actividades/cursos helbidean.

Urte honetako programan, zehazki, igeriketa terapeutiko, pilates, spinning eta golf ikastaroak daude. Gainera, urteko edo seihileko kirol-txartelarekin doan egin daitezke beste jarduera batzuk, esaterako, mantentze gimnasia, fitness, aerobic, gorputz-egokitzapenerako eta giharketarako jarduerak monitore baten aholkularitza izanik, eta igeriketako, muskulazioko eta lan aerobikoko programa konbinatuak.