Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak datorren astelehenean, maiatzaren 2an, emango dio hasiera Esperientziaren Gelan 2011-12 ikasturterako izena emateari. Guztira 150 ikaspostu eskaini dira (75 campus bakoitzean) titulu bereki honen lehen ikasmailarako. Tituluak lau ikasmailatan Giza eta Gizarte Zientzietako Diploma lortzeko aukera ematen du. Eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 27an bukatuko da.

Esperientziaren Gela 50 urte baino gehiago dituzten pertsonentzat da, eta era malgu eta orekatuan Giza eta Gizarte Zientzietan prestakuntza orotarikoa eskaintzea du helburu, populazio talde honen profil eta zirkunstantzia pertsonalei egokitzeko diseinatua.

Izena eman daiteke bertara agertuta edo Interneten bidez, Unibertsitatearen web orrian (www.unavarra.es). Bertara agertuz ematen bada izena, agiriak jaso eta emateko ondoko toki hauek daude, 9:00etatik 14:00ak arte: Iruñeko Esperientziaren Gela, Irakaskuntza Programatu eta Laguntzeko Atalean (Administrazio eta Kudeaketa eraikina), eta Tuterako campusa, Tarazona etorbidea, z.g.

Izena emateko epea amaitu ondoren 75 ikaspostu baino gehiago eskatu badira, campus bakoitzean hautaketa bat egingo da, eskatzaileen izen ematearen ordena kontuan hartuz. Bete gabeko ikasposturik geldituz gero, 50 urtetik beherakoek egindako eskaerak aztertuko dira.

Lehen ikasturterako onartu diren pertsonek, eta dagoeneko Esperientziaren Gelan ikasten ari diren ikasleek, ekainaren 3tik 27ra egingo dute matrikula. Interesdunek informazio gehiago jaso dezakete www.unavarra.es webgunean edo aula.experiencia@unavarra.es eta oficina.informacion@unavarra.es helbide elektronikoen bidez.

Ikasketa plana eta helburuak

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, jakintza eta kulturarako tresna izan nahi du hiritar guztien zerbitzuan, haien adina edozein izanik. Xede horrekin 2001/2002 ikasturtetik aurrera Nafarroako Unibertsitate Publikoko Titulu Bereki bat Esperientziaren Gelaren bidez lortzeko aukera eskaintzen du. Berrogeita hamar urtetik gorakoei zuzenduta dago, ikasketa hauek eskatzen dituzten betebehar akademikoei aurre egiteko aski denbora duten horiei.

Giza eta Gizarte Zientzietan prestakuntza orotarikoa da. Lehen ikasmailan historiari buruzko (Antzinaroko Zibilizazio Handiak), filosofiari buruzko (Pentsamendu klasikoa) edo arteari buruzko (Antzinako Artea eta Erdi Arokoa) irakasgaiak daude.

Ikasleek 50 urte beterik izan behar dituzte 2011n, baina adin horretara iritsi ez direnek izena emateko baimena izaten ahal dute, Irakaskuntza Zuzendaritzak balioespen positiboa ematen badio eskatzailearen interesari, eta bete gabeko ikasposturik badago, betiere.

Esperientziaren Gelan izena ematen duten ikasleek modua izan beharko dute eskolara astean hiru egunetan joateko, goizeko orduetan.