Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, guztira, 2.818 aurreinskripzio tramitatu ditu 2011-2012 ikasturterako, apirilaren 18tik 20ra arte izan zen aurreinskripzio aurreratuko aldian. Joan den urtean aurreinskripzioko lehen aldi honetan antzeko kopurua izan zen (2.887).

Aurreinskripzioa beharrezkoa da NUPen ematen diren graduetan ikaspostua eskatzeko, eta irekita dago ikasketak bukatzeko dauzkaten edo bukatu dituzten ikasle guztientzat. Aurreinskripzioa lehen aldi honetan egiten duten ikasleek aukera dute eskatutako titulazioak aldatzeko, hala nahi badute, ekaineko ohiko aurreinskripzioko aldian. Aurreinskripzioa apirilean egiten dutenek ez dute lehentasunik izango ekainean egiten dutenen aurretik, onarpena atalase-notaren arabera erabakitzen delako. Onartuen lehenengo zerrenda uztailaren 18an jarriko da jendaurrean.

Datuak behin-behinekoak badira ere, benetako eskaera ekaineko aurreinskripzioan ezagutzen delako, aldi aurreratu honetan eskarien kopuru handiak daude ondoko hauek egiteko: Erizaintza (453), Irakasletzak (372 Lehen Hezkuntzan eta 276 Haur Hezkuntzan), Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza (309), Ingeniaritza Elektromekanikoa (236), Fisioterapia (161) edo Industria Teknologietako Ingeniaritza (159). Gainerakoetan eskaera aurreko urteetakoa bezalakoa da, baina gorako joera ikusten da ondoko hauetan: Gizarte Lana (130 aurreinskripzio), Informatika Ingeniaritza (106), Lan Harremanak eta Giza Baliabideak (58) eta Soziologia Aplikatua (41). Aipatzekoa da azken bi titulazio horietan aurreinskripzio aurreratuaren igoera % 75,7 eta % 105 izan dela, hurrenez-hurren.

Sartzeko moduaren arabera, tramitatu diren 2.818 aurreinskripzioetatik kopuru handiena (2.047) Hautaprobak edo Unibertsitatean Sartzeko proba gainditu behar dituzten ikasleei dagokie. Ondotik datoz Lanbide Heziketa gainditu behar dutenak (328), LH gainditu dutenak (149), hautaprobak gainditu dituztenak (145), unibertsitate tituludunak (82), Bolognaren aurreko planeko Bigarren Zikloan sartzen direnak (64), 25 urtez gorakoak (2) eta 45 urtez gorakoak (1).

Aurreinskripzio prozesu hau Unibertsitatearen webgunearen bidez egiten da, Ikasketak atalean. Bertan eskura dago sarbideari eta matrikulari buruzko informazio guztia: http://www1.unavarra.es/ikasketak/sarbidea-eta-matrikula.