Joan eduki nagusira

zoom Hidrogeno Taldea, Alfonso Carlosena Ikerketa errektoreordearekin, Arrosadiko campusean ibilgailuaren ondoan.

Hidrogeno Taldea, Alfonso Carlosena Ikerketa errektoreordearekin, Arrosadiko campusean ibilgailuaren ondoan.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa talde batek lortu du Volkswagen Polo ibilgailu bat egokitzea hidrogenoz ibiltzeko. Erregai hori agoertuezina da eta ez du berotegi efektua edo kutsadura ekartzen duen isurpenik sortzen. Lorpen hori beste aurrerapen bat da Hidrogeno Taldeak garatzen duen ikerketa-proiektuan. Horri esker, 2009ko otsailean lortu zen, lehenengo aldiz Espainian, auto baten motorra hidrogenoz abian jartzea. Orain burutu den erronka izan da, motorra ez ezik, ibilgailuaren osagai guztiak egokitzea, hidrogenoz elikatuta era autonomoan ibil dadin.

Lan horren emaitza gaur astelehenean, abenduaren 20an, aurkeztu da Arrosadiko campusean. Ekitaldian agertu direnak izan dira Alfonso Carlosena NUPeko Ikerketarako errektoreordea, Pedro Diéguez Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritza Saileko irakaslea eta proiektuaren zuzendaria, Eugenio Guelbenzu, ikerketa finantzatu duen Acciona Biocombustibles enpresako ikerketako zuzendaria, eta Arturo Resano, egokitu den ibilgailua eman zuen Volkswagen Navarra enpresako arduraduna Motorrak eta Muntaia arloan.

zoom Ezkerretik eskuinera, Pedro Diéguez, Alfonso Carlosena, Arturo Resano eta Eugenio Guelbenzu, aurkezpenean.

Ezkerretik eskuinera, Pedro Diéguez, Alfonso Carlosena, Arturo Resano eta Eugenio Guelbenzu, aurkezpenean.

Hidrogeno Taldea Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan eratu zen; 2001az geroztik lanean hasi zen, Acciona Biocombustibles enpresak finantzatzen duen programa baten barnean. Horrek Taldearen ikerketak babesten ditu hidrogenoaren teknologien inguruko gaietan. 2007tik aurrera jarduera hori sartua dago CENIT (Consorcios Estratégicos Nacionales de Investigación Técnica) programan. Ikerketa lerroen ardatzak izan dira hidrogenoa sortzea energia berriztagarrien bidez, teknologia horrren segurtasuna eta gas hori erregai gisa erabiltzea barne errekuntzako motorretan.


Ur lurruna ihes-hoditik


Laneko azken lerro horretan sartzen da gaur aurkeztu den proiektua. Alde batetik, hidrogenoaren errekuntzaren kontrol elektronikoa autoak daraman ordenagailuan sartu behar izan da, gainerako seinaleekin eta kontrolekin batera. Volkswagen Polo horri aginte-panelean gailu bat ezarri zaio, motorraren funtzionamendua aldatzen duena, gasolinaz edo hidrogenoz ibiltzeko.

Beste ezaugarri berri bat da autoak erretzen duen hidrogenoa Unibertsitatean bertan ekoiztea, Acciona Biocombustibles enpresaren jabetzako elektrolizatzaile baten bidez. Horrek kostuak merkatzea dakar: gasolina litro baten baliokide energetikoa lortzeko, 14 bat kWh elektriko behar da. Tarifa elektriko ugari badira ere, gasolina litro baten hidrogeno baliokidea den kopuruaren kostu energetikoa gasolina litro batena bezalakoa da.

zoom Ibilgailua hidrogenoren bidez mugitzen da modu autonomoan.

Ibilgailua hidrogenoren bidez mugitzen da modu autonomoan.

Azkenik, ikerketa taldeak hidrogenoa autoan bertan eramateko modua aurkitu behar izan du. Horretarako hidrogeno presio-gasaren bonbonak erabili dira: horiek maletategian gordetzen dira, eta aldatu egiten dira erregaia kargatu behar denean.

Hidrogenoak oso ezaugarri bereziak ditu, barne errekuntzako motorretan erregai gisa erabilia izateko hautagai ona egiten dutenak: oso azkar nahasten da airearekin, su-energia baxua behar du, errekuntza-abiadura altua du eta edozein gasolinak baino askoz oktanaje handiagoa. Hain zuzen ere, hidrogenoz erretzen duen motorra iritsi ahal da minutuko 5.800 bira eta orduko 140 kilometro egiteko indarra ematera, eta berotegi efektuko isurkinik izan gabe. Berez, ibilgailu horren ihes-hodiak botatzen duen isurkin bakarra ur-lurruna da.

Hidrogeno Taldeari buruzko informazioa www.grupohidrogeno.es web orrialdean dago. Pedro Diéguez Elizondok zuzentzen du taldea, eta ondoko ingeniari hauek osatzen dute: Luis Gandía Pascual, José Carlos Urroz Unzueta, David Sainz Casas, Susana Berdonces Evora, Carlos Fernández de las Heras Almiñana, Lara Erviti Calvo, Iñigo Idareta Erro, Marta Benito Amurrio, Amaya Pérez Ezkurdia eta Sara Marcelino Sádaba. Talde honetan zegoen, halaber, Carlos Sopena Serna ingeniaria, orain dela urtebete trafiko istripuan hil zena. Taldean, bere zazpi urtetako ibilaldian, beste irakasle eta ikasle batzuek lan egin dute. Guztira hogei pertsona izan dira eta ezagutzaren arloan aktibo garrantzitsua eratu dute hidrogenoaren teknologiei dagokienez.