Joan eduki nagusira

zoom Patricio Hernández, ezkerretara, eta Alberto Pérez Calvo, sariaren aurkezpenean.

Patricio Hernández, ezkerretara, eta Alberto Pérez Calvo, sariaren aurkezpenean.

2010eko saria Yoani María Sánchez Cordero kazetari kubatarrari ematea erabaki du Giza Eskubidea Sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Sariaren epaimahaiak, herrialde hartako herritarren oinarrizko eskubideen aldeko defentsan izan duen “jarrera ausartagatik”. Francisco José Abadía Pérez NUPeko Informatika Zerbitzuko langileak aurkeztu zuen Yoani María Sánchezen hautagaitza.

Saridunaren izena gaur, ostirala, abenduak 10, ezagutarazi da, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean hain zuzen. Saridunaren izena iragarri den ekitaldian izan dira Alberto Pérez Calvo eta Patricio Hernández NUPeko katedradunak eta epaimahaiko lehendakariordea eta idazkaria, hurrenez hurren.

2010eko Jaime Brunet Nazioarteko Sariaren epaimahaiak nabarmendu nahi izan du kazetariak bere blogean egindako lana. Erregimen castristak zentsuratu egin zuen aipatu bloga 2008ko martxoan, baina bizirik iraun du, kubatarrek bertan sartzea debeku badute ere. Artikulu bilduma batek osatzen du bloga, “Y belaunaldia” izenekoa, eta artikulu horiek deskribatzen dute Kubako eguneroko bizitza, eta, bereziki, Habanakoa, agerian ipiniz “sotiltasun dotorez eta ironiaz eguneroko bizitzako errealitatearen eta ‘errealitate ofizialaren’ arteko kontraesanak”. Kontakizun laburrak dira, argazki atera berriak balira bezala, eta makina bat anekdota jakinarazten dituzte, uharteko ohiko eskasiak eta eramankizun materialak, bai eta askatasunik ezak sorrarazitako etengabeko eragozpenak ere, pairatzen dituen edozein kubatarren bizitzaren ingurukoak.

Halaber, epaimahaiak aitortu eta saritu nahi izan du Yoani María Sánchez Cordero bezalako pertsonen “lan miresgarri eta xumea", beren eguneroko esperientziei buruz idatzi eta haiek kontatzeko talentuak bihurtzen baititu beldurrak eta mehatxuak isilarazitako milaka pertsonaren bozeramaile. “Estatu demokratiko bateko edozein herritarrentzat oinarrizkoak diren balioen aldeko defentsan erakutsitako jarrera ausart honek ondorio arriskutsuak ekar diezazkiekete pertsona hauei, arriskuan jartzen baitituzte beren askatasuna eta segurtasuna, bai eta beren familiena ere. Horrek gogora ekartzen digu hainbat intelektual eta profesional espainiarren lana, aurreko erregimenean antzeko egoerei aurre egin behar izan baitzieten oinarrizko eskubideak izatea defendatzeko", ondorioztatzen du erabakiak.

Ospe handiko bloga nazioartean

Yoani María Sánchez Cordero Habanan (Kuban) jaio zen 1975ean. Filologia Hispanikoa ikasi zuen, baina, arrazoi ekonomikoak zirela medio, turistei espainiera-eskolak ematen aritu zen, eta, azkenik, Suitzara emigratu zuen 2002an. Alabaina, familia-arrazoiak tarteko, bere herrialdera itzuli zen bi urte geroago. Urte hartan berean, “Consenso” izeneko gogoeta eta eztabaida aldizkaria sortu zuen uhartean bizi ziren beste kubatar batzuekin batera. Informatikaren mundua eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologia berriek eskaintzen zituzten aukerak aurkitu zituen, eta "webmaster" lanetan jardun zuen eta editore eta artikulugilea izan zen www.desdecuba.com Kubako kazetaritzako atarian.

Bere bloga sortu zuen: www.desdecuba.com/generaciony/, eta nazioarteko komunitateak entzute handiko hainbat sari eman dizkio. Besteak beste, kazetaritzako Ortega y Gasset saria eta Prentsaren Nazioarteko Institutua saria. Timek eta CNNk egindako aukeraketaren arabera, bere nabigazio egunkaria munduko 25 onenen artean dago.

Guztira, hamaika Jaime Brune Nazioarteko Sari eman ditu fundazioak 1998az geroztik, azkena Jürgen Habermas pentsalari alemanari.

Jaime Brunet Fundazioa eta Saria

Jaime Brunet Fundazioa Kultura Fundazio pribatua da, gizarte interesa eta izaera iraunkorra dituena, eta bere helburuak dira giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak ezabatzea. Fundazioak helburu horietara bideraturiko jarduerak eta balio horien errespetuarekin loturiko azterketak sustatzen ditu.

Fundazioak, besteak beste, Jaime Brunet Romero sarirako deialdia egiten du ondoko hauek saritzeko: lan zientifiko bat; lan literario zein ikus-entzunezko bat; edo giza eskubideen sustapenean nabarmendu den pertsona zein erakunde baten ibilbidea.

Jaime Brunet Romero Baionan (Frantzia) jaio zen 1926ko uztailaren 20an, eta 1992ko urtarrilaren 4an zendu zen Donostian (Gipuzkoa). XVIII. mendean Gipuzkoara etorritako kataluniar ekintzaileen familia batean jaio zen (han garatu zuten industria jarduera garrantzitsua), eta ideia liberaletan eta bere garaiarekiko ikusmolde kritikoan hezi zuten. Aitak bideratu zuen Zuzenbide ikasketetara. Jaime Brunet Goitia, bere aita, alderdi errepublikanoaren burua eta Udaleko alkateordea izan zen Donostian, non bere aitona eta birraitona alkate izanak baitziren lehenago. Valladolideko unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta han irakasle laguntzailearen lana egin zuen aldi batez.

Irakurle porrokatua zen, eta hizkuntzak ikasteko grina zuen. Azken zaletasun horri esker, erraz moldatu zen egin zituen makina bat bidaiatan. Izan ere, bere garaiko zailtasunak izan arren, hogeita hamarretik gora herrialdetan ibili zen. Aitortzen zuenez, bidaia horietan konturatu zen eta ulertu zuen orain bezala zenbat diskriminazio eta bortizkeria dagoen, zenbat gehiegikeria egiten dituzten boteretsuek behartsuen aurka, eta zer-nolako erraztasunarekin urratzen diren egunero gizakiaren oinarrizko eskubideak.

Bizitzako azken urteetan giza eskubideen egoera eta herritarraren askatasunaren defentsa bihurtu ziren bere kezka nagusi, bai eta administrazio publikoaren gehiegikerien aurrean ere. Ondorengo zuzenik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurka oldarrarazten zuten sentimenduek bultzatuta, erabaki zuen bere ondarea oinordetzan uztea, bere izena izango zuen fundazio bat sortu ahal izateko bera hil eta gero. Fundazio horren helburua da giza eskubideak hedatzea, eta beren alde egindako lanarengatik aitorpen hau jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzea. Hala bada, Jaime Brunet Romero Fundazioa sortu zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezarri zioten egoitza, testamentuaren bidez jasotako borondateari jarraituz.