Joan eduki nagusira

Guztira, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko 182 ikaslek parte hartu dute uda honetan praktika programa batean. Praktikak 68 enpresatan egin dira. Programa hau NUPeko Unibertsitate-Gizarte Fundazioak kudeatzen du, eta helburua da ikasleek prestakuntza osatzea eta praktikan jartzea karreran zehar eskuratutako ezagutzak, lan munduarekin lehen harremana eginez.

Udako praktiketan ikasleak hartu dituzten enpresen kopurua bikoiztu egin da azken bost urteetan; 2006an 33 zeuden erregistratuta eta aurten 68 izatera iritsi dira. Titulazioen arabera, ikasle gehien bidaltzen dituena Enpresa Zientzien Diplomatura da (70), eta ondotik datoz Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Lizentziatura (65), Ekonomia Lizentziatura (40) eta Zuzenbide eta EAZLko aldi bereko ikasketen programa (7). Praktika hauek egiteak eskubidea ematen die ikasleei, hautaketa libreko kredituak aitortzeko, betiere enpresako tutoreak ematen duen balioespena positiboa bada, ia beti gertatzen dena.

Praktika programa honetan parte hartzen duten enpresak dira, batez ere, bankakoak (109 praktika), edo administrazio eta finatza arloetakoak (40), baina ikasleei aurkeztutako eskaintzan aukera asko zegoen, besteak beste fiskalitatea, kontu ikuskaritza, logistika, kalitatea, erosketak, merkataritza, marketina, giza-baliabideak eta, areago, Europako Batasunaren politiken jarraipena.

Hitzarmenak 1.600dik gora enpresekin

Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko ikasleek egiten dituzten praktikak Unibertsitate-Gizarte Fundazioak sustatzen duen programa global batean sartzen dira. Programan parte hartzen dute NUPen dauden ikasleek edo bertan ikasi dutenek. 2010. urtearen lehen sei hilabeteetan, guztira lankidetzako 98 esparru hitzarmen sinatu ditu Fundazioak beste hainbeste enpresa eta erakunderekin, ikasleei eta tituludunei zuzendutako praktika programak abian jartzeko. Beraz, aurreko ekitaldian sinatutako 117 hitzarmenetara iritsi da ia, eta NUPek dagoeneko 1.607 hitzarmen sinatu ditu enpresa eta erakundeekin, ikasleen irakaskuntza prestakuntza sendotzeko eta tituludunei laneratzen laguntzeko.

NUPekin hitzarmenak sinatu dituzten ehun enpresa ingurutik gehienak nafarrak dira, baina Euskal Autonomia Erkidegokoak, Madrilgoak eta Kataluniakoak ere badaude. Horiei, Herbeheretako enpresa bat eta Frantziako bi enpresa gehitu behar zaizkie. Enpresak arlo hauetakoak dira: ingeniaritza zibila, energia berriztagarriak, hezkuntza, nekazaritza, informatika, turismoa, osasuna, eraikuntza, garraioa edo zerga eta lan aholkularitza. Erakundeei dagokienez, beste batzuen artean, honako hauek ditugu: Cintruenigoko eta Los Arcoseko Udalak, Nafarroako Gobernuaren Ekonomia eta Ogasun Saila eta Aronako udala, Tenerife uhartean dagoena.

NUPek enpresa eta erakunde horiekin sinatutako esparru hitzarmenen helburua da unibertsitateko ikasle eta tituludunek prestakuntza osoa lortzeko modua izatea beren irakaskuntza prestakuntzaren osagarri izango diren praktika espezializatuak egiteko aukeraren bidez, bai beren gradu ikasketetan eta bai graduondoko ikasketetan ere. Hitzarmenak alderdi hauek arautzen ditu: praktika hauen onuradunek bete beharreko baldintzak, izangaien poltsa bat sortzea ikasle eta tituludunekin, praktiken iraupena, edo ikaslearen tutore-irakasle postua sortzea, ikasketen jarraipena egiteko ardura izango duena.