Joan eduki nagusira

zoom Silvia Zabala González

Silvia Zabala González

Silvia Zabala González Nafarroako Unibertsitate Publikoan Kimikan doktorea da, eta bere tesian ikertu du zer gertatzen den landare olioak (ekilorearena) erreakzionatzen duenean biodiesel bihurtzeko, eta eredu bat garatu du eraldaketa zer lastertasunez egiten den zehazteko. Bere lanak bi teknika berri prestatu ditu erreakzioaren jarraipena egiteko, eta horiei esker erreakzioaren egoera modu arin, erraz, fidagarri eta ekonomikoan monitorizatzeko tresnak edukiko dituzte biodieselaren industria-ekoizleek.

Transesterifikazio esaten zaion erreakzio batean oinarrituz sintetizatzen da biodiesela. Landare-olioa eta alkohol arin bat, orokorrean metanola, konbinatzean datza. Olioaren triglizeridoek, katalizatzaile bati esker, metanolarekin erreakzionatu eta biodiesel bihurtzen dira (zehatzago esanda, gantz-azidoen estere metiliko, zeinek osatzen baitute biodiesela). Dentsitate, biskositate, eroaletasun elektriko eta gainazal tentsioari buruzko neurrien bidez, erreakzioaren bi fase likidoetan ageri diren elementuek zer portaera duten eta elkarri nola eragiten dioten ikertu du Silvia Zabalak.

Horretaz gainera, eredu zinetiko bat garatu du bere ikerketan, Fase Kontribuzio izenekoa, eta eredu horri esker erreakzio lastertasuna kalkula daiteke bere izaera heterogeneoa kontuan hartuz. “Eredu berriari esker sistemaren portaera azal daiteke dauden ereduena baino eragiketa baldintzen tarte zabalago batean. Beraz, oso erabilgarria izango da biodiesela sintetizatzeko erreaktoreak diseinatzeko”, azaldu du.

Azkenik, bi teknika prestatu dira erreakzioaren jarraipena egiteko. Biodiesel-ekoizleen artean atzemandako premia bati erantzun nahi zitzaion horrekin: erreakzioaren egoera modu arin, erraz, fidagarri eta ekonomikoan monitorizatuko duen tresna bat edukitzea. Lehenengo teknika errefrakzio-indizearen neurrian oinarritzen da, eta “horri esker oso erraz balioets daiteke erreakzioaren aitzinamendua olio-bihurketari dagokionez”. Erreakzio ingurunean soinuaren lastertasuna era jarraituan eta denbora errealean neurtzen duen zunda erabiltzean datza bigarren metodoa; “informazio honek zerikusia du erreaktorearen osaerarekin, halako moldez non metodoa bereziki interesgarria baita industria-arloan biodiesel ekoizpena monitorizatu eta kontrolatzeko”.

“Monitorización y estudio cinético de la síntesis de biodiésel” izeneko tesiak bikain cum laude kalifikazioa erdietsi du, eta Mª Cruz Arzamendi Manterola eta Luis Mª Gandía Pascual NUPeko Kimika Aplikatuko Saileko doktoreek zuzendu dute. Silvia Zabala Salamancako Unibertsitatean Ingurumen Zientzietan lizentziaduna da, Ikasketa Aurreratuen Diploma lortu zuen NUPen 2007an, eta hiru urte eta erdiz lan egin du erakunde horretako Erreaktore Kimikoen ikerketa taldean. Hainbat artikulu zientifikoren eta nazioko eta nazioarteko biltzarretarako ekarpenen egilea da.