Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak abian jarri du informazio kanpaina bat liburutegietako erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak ezagutzera eman eta instalazio horietan eskaintzen den zerbitzua 2010-11 ikasturtean hobetzen laguntzeko xedez. NUPek 6.000 liburuxka argitaratu ditu guztira, Arrosadiko campuseko eta Barañain etorbidean dagoen Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako liburutegietako datuak bereizita dauzkatenak. Liburuxka horietako batzuk, heldu den irailean eskolak hasiko dituzten Graduko ikasleei banatuko zaizkie eta, gainerakoak, bi liburutegietako sarreretan jarriko dira.

Gaztelaniaz eta euskaraz argitaratua dagoen eskubideen eta betebeharren zerrendan bi liburutegietan eskaintzen diren zerbitzuak, ordutegiak eta instalazioen ezaugarriak biltzen dira. Kanpainaren izenburua da “Liburutegia: nirea, zurea, gurea” eta honako webgune honetan kontsulta daiteke: http://www1.unavarra.es/biblioteca

Eskubideen kapituluan azaltzen da erabiltzaileek eskuratu ahalko dituztela ikasteko eta lanak egiteko behar dituzten liburuak, aldizkariak eta datu baseak, liburutegiak dituen baliabide elektronikoak erabili, mailegu zerbitzuaren bidez liburuak eraman edo argibideak eskatu, beharrezko informazioa bilatzeko, ebaluatzeko edo aipu bibliografikoak egiteko.

Era berean, ikasleek eskubidea izango dute saioetara joateko informazioa bilatzen ikasteko, katalogoak edo aldizkarien ataria erabiltzen ikasteko, liburutegian erabiltzeko ordenagailuak eskura izango dituzte, eta taldean lana egiteko aretoak izango dituzte (24 Arrosadian eta 5 Erizaintza Eskolan). Erabiltzaileek kexuak, iradokizunak eta iruzkinak ere aurkeztu ahalko dituzte honako helbide elektrikoaren bidez: bupna@unavarra.es. Arrosadiko liburutegiaren kasuan liburutegiko hainbat tokitan jarritako fotokopiagailuak erabili eta atsedenerako egokitutako aretoak ere erabili ahalko dituzte.


Erabiltzaileen betebeharrak


NUPek sustatutako kanpainan liburutegietako erabiltzaileek bete beharko dituzten 13 betebehar biltzen dira guztira. Gainerako erabiltzaileak eta liburutegiko langileak errespetatu beharko dituzte, zerbitzuei, bildumei eta ekipamenduari buruz ematen dizkieten aginduak betez. Erabiltzaileak unibertsitateko txartelarekin identifikatu beharko dira hala eskatzen zaienean, eta liburutegia kerik eta zaratarik gabeko lekua dela errespetatu beharko dute.

Era berean, betebeharren zerrendan azaltzen da ikasleek eremu bakoitzerako ezarritako erabilera errespetatu behar dutela, eta ez dutela taldeetan mintzatu behar ikasteko aretoan, eta instalazioak, ekipamenduak, liburuak eta aldizkariak modu arduratsuan erabili behar dituztela. Liburutegietako erabiltzaileek ezin dute jan ez edan instalazioen barnean eta irakurle-postuak modu arduratsuan erabili beharko dituzte (ezin dira lekuak gorde beste erabiltzaile batzuentzat ezta okupatuta utzi ere eskolara, bazkaltzera edo tutoretza batera joateko).

Azkenik, erabiltzaileek alde egiten dutenean beren lekua jaso beharko dute mahai gainean paperik edo arkatz ziririk utzi gabe, eta maileguan dituzten liburuak epearen barnean itzuli, gainerako ikasleek ere erabili ahal ditzaten.


Irakurle-postuak eta ikasteko postuak 1.300 baino gehiago dira


Arrosadiko eta Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako liburutegiek gaur egun 1.300 irakurle-postutik gora dituzte. Arrosadikoa da handiena eta 1.200 irakurle-postutik gora ditu, horietako 800 erdiko nabeko irakurketa aretoan eta, gainerakoak beste areto batzuetan banatuta. Bestalde, Osasun ikasketen liburutegian irakurle-postuak eta ikasteko postuak 130 baino gehiago dira.

Bi instalazioetan ordutegi zabala dute jendearentzat. Zabalik egoten dira goizeko 8:00etatik 21:30era astegunetan. Gainera, Arrosadiko liburutegia jai egunetan zabalik egoten da 10:00etatik 18:00etara, eta azterketa garaian ordutegia zabaltzen du.