Joan eduki nagusira

Ikasleen Gaietarako eta Nazioarteko Harremanetarako Errektoreordetzak 18.000 euroko laguntzak eman ditu garapenerako lankidetzako lau proiektutarako. Proiektuak unibertsitate komunitateko kideek bultzatzen dituzte. Deialdiaren oinarrien arabera, proiektuen helburua izan behar da zuzeneko moduan asetzea egoera ahuleko populazioen oinarrizko behar sozialak, garapen bidean dauden herrialde horietan. Gainera, oraingo edizio honen berritasuna izan da aukera izan dela lehiaketara aurkezteko hainbat prestakuntza eta sentsibilizazio jarduera garatzeko planak, NUPeko campusean abiaraziko direnak, eta ikerketa-jarduera txikiak, garapenerako lankidetzarekin lotura dutenak.

Dirulaguntza handiena jasoko duen proiektua Iñaki Leache Setuainek aurkeztu du, eta Argentinako hainbat probintziatan garatuko da. Honako izenburu hau du: “Uraren kudeaketa parte-hartzailea: uraren kalitatearen analisirako gaitzea, energia berriztagarriak aplikatzea eta oinarrizko elektrifikazioa hornidura-azpiegituretarako”. Ekintza honen kostu orokorra 71.188 eurokoa da, eta NUPek emandako dirulaguntza 8.793 eurokoa.

Bigarren proiektua, “Huancavelican (Peru) alpaka-zuntza sailkatzen duten emakumeak gaitzea” izenburukoa, María Montes Anduezak sustatu du. Haren kostua, guztira, 7.250 eurokoa da, eta horietatik 6.350 programa honen bidez jaso ditu.

Gainerako bi ekintzak Saharako emakumeekin daude loturik. Lehena, “Sura Lis hurria: Aaiungo Wilaya-Saharako emakumeen eskualdeko batasunaren gaitasunak eta komunikabideak hobetzea” izenekoa, Koldo Gallostra de Pradak bultzatu du. Laguntza 2.557 eurokoa da.

Beste proiektua sentsibilizazio kanpaina bat da, argazki-erakusketa bat eta informazio-hitzaldiak erabiliz, Aaiungo (Tinduf) errefuxiatuen kanpalekuko emakumeen egoerari buruz. Sustatzailea Manuel Ohian Martirena Iruretagoyena da, eta emandako laguntza 300 eurokoa da.

Programa honetan unibertsitateko komunitateko kide guztiek hartu ahal dute parte (ikasleek, irakasle eta ikertzaileek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek). Proiektuak balioetsi behar zituen epaimahaiak kontuan hartu ditu, besteak beste, ondoko alderdi hauek: proiektua gauzatuko den herrialdearen baldintzak, ekintzaren edukia bera, onura izango duen gizarte-sektorea, ekintza gauzatzeko eskatzaileak eta herrialdean dituen bazkideek duten kaudimena, eta sustatzaileak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kide izateagatik, eman dezakeen balio erantsia.