Joan eduki nagusira

zoom Julio lafuente errektorea eta Concepción Corera, Katedrako zuzendaria, ikastaroaren hasierako ekitaldian.

Julio lafuente errektorea eta Concepción Corera, Katedrako zuzendaria, ikastaroaren hasierako ekitaldian.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak hasiera eman dio gaur “Giza eskubideak, giza garapena eta hiritartasuna. Mundu bakarra, begiratu askotarikoak” udako ikastaroari. Uztailaren 27tik 29ra arte, hamabost adituk, testuinguru sozial eta kultural ezberdinetatik, errealitate horri buruz duten ikuspegia aurkeztuko dute. Pobrezia, globalizazioa, eta kulturaniztasuna, gutxiengo etnikoen eta herri indigenen eskubideak, inmigrazioa, emakumearen egoera, milurterako helburuak, garapena eta jasangarritasuna, GGKEen estrategiak...., horiek dira, besteak beste, ikastaroko saioetan aztertuko diren edukiak.

Ikastaroan 250 inguru parte hartzailek eman dute izena. Hasierako ekitaldia goizeko hamarretan izan da, Sarioko Fernando Remacha aretoan, eta bertan parte hartu dute Julio Lafuente López errektoreak eta Concepción Corera Orozek, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko Unesco Katedrako zuzendariak.

Ikastaroaren helburuetako bat da erreferentziak eta pizgarriak eskaintzea pobreziaren aurkako borrokan, garapenerako lankidetzan eta hiritartasunaren garapenean erabiliko direnak. Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, sistema ekonomikoaren krisiak herrialde eta herri guztiei eragin die oro har, baina askoz modu lazgarriagoan eragin die txiroenei. Populazio sektore horien giza eskubideek gabeziak, atzerakadak edo atzerapen larriak jasan dituzte.

Testuinguru horretan, diote, dagoeneko iragartzen ari den krisialdiaren irteera hazkunde ekonomikoaren eta merkatuaren esku dagoela ematen du, baina giza eskubideen eta giza garapenaren aldeko apustuarekin lotu gabe Horri guztiari buruz hitz egingo dute ikastaroan gure inguruko gizarte arloko profesionalek eta zientzialariek, eta Latinoamerikako unibertsitateetako beste batzuek.

Hamasei hitzaldi eta mahai-inguru bat

zoom ikastarora joandirenak, NUPeko Fernando Remacha aretoan.

ikastarora joandirenak, NUPeko Fernando Remacha aretoan.

Ikastaroa hiru zatitan egituratu da. Goizez eta arratsaldez garatuko dira, eta guztira 16 hitzaldi eta mahai-inguru bat egongo dira. Lehen jardunaldiaren gaia izango da “Giza eskubide unibertsalak eta giza garapena. Testuinguru sozialen eta irudi kontzeptualen esparru orokorra.” Goizeko saioko lehen hitzaldia izan da “Giza eskubideak, giza garapena eta hiritartasun unibertsala. Erreferentzia etikoak”. Hizlaria Xavier Etxeberria izan da, Deustuko Unibertsitateko Etika Gelako zuzendaria. Atsedenaldia eta gero hitza hartu dutenak izan dira Javier Iguiñiz, Peruko Pontifize-Unibertsitate Katolikoko irakaslea eta Pax Romana nazioarteko erakundeko lehendakaria, eta Agustín Basave, Zientzia Politikoan doktorea eta Mexiko hiriko Iberoamerikako Unibertsitateko irakasle ikertzailea. Hitzaldiak “Giza garapena, giza eskubideak eta pobrezia larria eta masiboa” eta “Globalizazioa eta kulturaniztasuna: unibertsalismoaren eta berezitasunaren arteko dilema” izan dira, hurrenez hurren.

Arratsaldeko hitzaldiak izan dira “Utopikoa al da gizateriaren gobernuaz pentsatzea?”, Daniel Innerarityk, Filosofiako katedraduna eta Euskal Herriko Unibertsitateko Instituto de Gobernanza Democrática izenekoaren zuzendaria denak emana, eta “Nazioarteko komunitatea, nazio-estatuak, giza eskubideak eta pobrezia: dilemak eta tentsioak”, Francisco Gutiérrez politologo eta antropologoak, Kolonbiako Unibertsitate Nazionaleko irakaslea denak emana.

Ikastaroaren bigarren zatia, bihar asteazkenean izango da, ondoko gaiari buruz aritzeko: “Talde espezifikoen giza eskubideak. Garapen kontzeptualei eta praktikoei buruzko zenbait berezitasun, Latinoamerikan eta gure inguruan”. Azken saioen gaia, ostegunean, izango da “Giza garapena eta hiritartasuna. Hiritarren parte-hartzearen itzal-argiak, pobreziaren aurkako borrokan eta garapenerako lankidetzan”.

Udako ikastaro hau Concepción Corera Orozek, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko Unesco Katedrako zuzendaria denak zuzendu du, eta izen ematea doakoa da, baina ondoko hauen bidez egin behar da: correo catedraunesco.ciudadania@unavarra.es helbidea edo 948 166 190 telefonoa. Epea irekita dago oraindik. Interesa dutenek ikastaroaren programa zehatza eskura dute www.unavarra.es Unibertsitatearen webgunean.