Joan eduki nagusira

zoom Eskuinetik ezkerrera, Ruth Sanz, Immaculada Farran eta Alicia Fernández ikertzaileak

Eskuinetik ezkerrera, Ruth Sanz, Immaculada Farran eta Alicia Fernández ikertzaileak

Ruth Sanz Barrio (IdAB) Agrobioteknologia Institutuko ikertzaileak jaso du ikasleek aurkeztutako poster hoberenari saria ekainaren amaieran Dublinen egin den “II International Symposium on Chloroplast Genomics and Genetic Engineering” izeneko biltzarrean. Laburbilduz, posterrak azaltzen du tabako landareetan giza albuminaren ekoizpena hobetzeko eta kostuak jaisteko lortu duten prozesua.

Aurkeztu den lana, “Tiorredoxinas plastidiales del tabaco como moduladoras de la expresión de proteínas recombinantes en cloroplastos transgénicos”, izenekoa, Ruth Sanzen doktoretza tesiaren parte da eta lankidetzan aritu dira Alicia Fernández eta Immaculada Farran Blanch ikertzaileak, azken hau NIGMETeko Nekazaritzako Ekoizpen Saileko irakaslea eta Ruth Sanzen tesiaren zuzendaria.

Giza albumina munduan helburu terapeutikoekin gehien erabiltzen den benabarneko proteina da. Odol bolumena egonkortzeko eta infartu arriskua saihesteko balio du eta oso ohikoa da bere erabilera kirofanoetan. Erabiltzen da baita ere erreduretan, kirurgia ebakuntzetan, odol-jarioetan edo pazienteak desnutrizioa edo deshidratazioa, infekzio kronikoak eta giltzurrun edo gibel gaixotasunak dituenean.

Merkaturatzeko albumina odoletik ateratzen den arren, erreserba bolumen nahikorik ezak ikertzaile asko bideratu ditu proteina hori ugariago egiteko formula berriak bilatzera. 2006. urtean Alicia Fernández San Millán ikertzaileak, Agrobioteknologia Institutuan, Espainian berritzailea zen teknika bat garatu zuen (transformazio plastidiala) tabako landareez baliatuz giza albumina erdiesteko.

“Orain egin duguna —azaldu du Ruth Sanzek— proteina hori ekoizteko modu errazagoa eta merkeagoa lortzea da. Tabako landareetan proteinen gorputz disolbaezinak sortzen dira, oso oinarrizko terminoetan proteinaren agregatu moduko baten baliokidetzat har genitzakeenak. Horrek albumina ateratzeko prozesua zaildu eta garestitu egiten zuen. Gure prozeduraren bidez lortzen dugu proteina hori ez agregatzea, proteina kopuru handiagoa egotea eta agregatu horiek txikiagoak izatea eta, ondorioz, errazagoa da albumina ateratzea”.

Izan ere, tiorredoxina izeneko proteina kodifikatzen duten geneak fusionatzearen bidez lortu dute. “Proteina hau oso egonkorra denez, beste proteina batzuen tolesdura hobetzen du, horren bidez agregatuak murriztea lortzen dugu eta, era berean, proteina kopuru handiagoa egotea eragiten du”. Gainera, teknologia hau erabili ahalko litzateke tabako landareen kloroplastoetan adierazitako interes bioteknologikoko beste proteina batzuen ekoizpena hobetzeko.

Ruth Sanz Barrio gaur egun bere doktoretza tesia bukatzen ari da, (CSIC) Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Zentroaren doktoretza aurreko beka bat jasotzen du, eta NUPen, CSICen eta Nafarroako Gobernuaren zentroa den Agrobioteknologia Institutuko Landare Agrobioteknologia taldeko kidea da.