Joan eduki nagusira

Fermin Muguruza euskal kantaria Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleekin egongo da bihar ostegunean, hilaren 25ean. Kultura Jardueren Zerbitzuak antolatutako ekitaldi horretan, Muguruzak “Checkpoint Rock. Abestiak Palestinatik” dokumentala aurkeztuko du. Bertan, musikaren bidez, Gazako eta Zisjordaniako lurralde okupatuetan bizi direnen itxaropenik eza erakusten du.

Bilera Olibondoak eraikineko Gradu Aretoan egingo da, 11:30etik aurrera. Aurkezpen laburra egin ondoren, dokumentala emango da, eta jarraian Fermin Muguruzak solasaldia hasiko du, ikasleek haren karrera musikalari edo dokumentalari buruz galderak egiteko aukera izan dezaten.

Fermin Muguruzak zuzendu du “Checkpoint Rock”, eta ekoizpena Javier Corcuerarena izan da. Azken honek “La espalda del mundo” lana zuzendu zuen, Estatu Batuetan, Turkian edo Perun diren giza eskubideen urraketak salatzeko, eta Nazioarteko Kritikaren Saria eskuratu zuen Donostiako 2000ko Zinemaldian. “Checkpoint Rock” honek lortu du Israelen, Zisjordanian eta Gazan bizi diren rock musikari palestinar garrantzitsuenak biltzen. Musikari horiek rapeatu eta hitz egiten dute, letren eta melodien bitartez azaltzeko bizitzan egokitu zaien patua eta eguneroko bizitzan nola egiten dioten aurre. Aukera dugu haien musika harrigarriak entzuteko eta era berrian ezagutzeko herri eta hiri horiek, beti albistegietako gai, nonbait konponbiderik ez duen gatazka baten ondorioz.

Muguruzak berak dioenez, dokumentalaren ibilaldia Tel Aviveko neon eta publizitate iragarkietatik lurralde okupatuetako pobreziaraino eta itxaropenik ezaraino iristen da, Zisjordanian eta konzentrazio eremu handia bilakatu duten Gazako zerrendan.

Fermin Muguruzaren ibilbide profesionala joan den mendeko 80ko hamarkadaren hasieran hasi zen, ska, reggae eta punk soinuak biltzen zituen “Kortatu” taldearekin. Geroago, etapa berri bati ekin zion, “Negu Gorriak” bandarekin, eta Esan ozenki diskoetxea sortu zuen. Muguruza barkarlari gisa aritu da hainbat artistarekin, adibidez, 2003an Manu Chaorekin egin zuen biran.